XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELKARTEAREN HEDAPENERAKO URRATSAK

Hamar helburu nagusi planteatzen dira azkenaldian ezagutzera eman diren proposamenetan, Legeko Hamar Aginduak bailiran.

Ez dago batere gaizki, baina beude horretan, edo hobekiago esan, bakoitzak bere erritmoa izango duela pentsatu nahi dut. Bidezko gauza, bestalde.

Dena den, hauetarik bat azpimarratu edo nabarmenduko nuke hemen: Elkartearen egitura berria, ene ustetan erlazainon elkartearen etorkizunean berebiziko garrantzia izan dezakeen faktore eragilea, ongi burutzen jakinez gero.

Egituraketa berria zer den aditzera eman aurretik, lehenaren egitura zein den aipatuko dut estreinako.

Gipuzkoako erlazainok Elkartea, bere eginkizun guztiekin (materialaren zerbitzua, administrazioa, ikastaro edo ihardunaldiak...) Fraisoron zentralizaturik daukagu, Zuzendaritza denen koordinatzaile delarik. Zuzendaritzak, ordea, ezin besoak luza bazkide oro eta bakoitzarengana. Begibistan dago hori.

Zer planteatzen ari da orain? Elkartea eskualde bakoitzean oinarritu eta finkatzea, horra. Hauxe da egituratze berria esatean esan nahi dena. Hala bada, eskualde bakoitzak arduradun bat izango du, Zuzendaritzarekin harremanetan bere eskualdea koordinatuko duena. Aldi berean honek laguntzaile batzuk izango ditu eskualdeko batzordea osatu ahal izateko. Zereginik ez zaie faltako. Esaterako, oraintxe berean Elkarteak eskuartean daukan Errolda egiterakoan elementu baliagarriak izan daitezke herrian herriko laguntzaileok eta... arduraduna batik bat.

Dinamika berezi eta bizkorra sor lezakeen duda izpirik ez dugu une honetan, jendearen benetako partaidetza ekar lezakeen dinamika baita, hein batean edo bestean.